Edizio berezia biziko du aurten Durangoko Azokak. Borobila. Intentsoa. Bizia. Atzera begiratuko du Azokak, baina begirada etorkizunean jarriz. Sortzaileak omenduko ditu Azokak, baina hurrengo 50 urteko historia idatziz. Horra hor erronka. Azoka iragana, oraina eta geroa DA!

Kulturaren plazak 50 urte beteko ditu; eta, beraz, aurten "tasun" eta "keri" bereziak izango ditu. Kartela izango da ezaugarri adierazgarrienetako bat. Atzo, urriak 21, aurkeztu zuen Azokak aurtengo kartela, 50. urtemugari txapela jarriko dion artelana.

Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra da egilea, Euskal Herriko artista esanguratsuenetako bat. Margolariak azaldu duenez, ilusio handiz jaso zuen Durangoko Azokaren eskaria: "Ilusio handia egin zidan eskaria jaso nuenean, Azoka oso garrantzitsua baita euskal kulturarentzat, eta baita arte plastikoentzat ere. Ez nuen espero horrelako eskari bat jasotzea, eta motibazio handiarekin egin dut".

Zumetarentzat, berezia izan da Azokako kartela egitea, are gehiago 50. urteurrena izanda: "Azokak gero eta indar gehiago dauka, gero eta hobeto antolatzen da, gero eta oihartzun zabalagoa du... Berezia izan da niretzat lan hau egitea".

Kartelari dagokionez, margolariak adierazi du kartelak hartu duen forma modu estuan lotuta dagoela artista bezala bizi duen momentuarekin: "Normalean nire lanak lotuta egoten dira momentuan egiten ari naizen bestelako lanekin, bizi dudan momentuarekin". Modu naturalean irten zitzaion kartela egiteko ideia: "Burutazioa azkar sortu zitzaidan. Hasieran ez nuen ideia zehatzik, baina segituan hartu zuen giro bat: atsegina, deigarria, ederra... Jendea erakartzeko helburuagaz egin dut".

Aitortzen duenez, kartelean ez zaie modu zuzenean liburu eta diskei erreferentzia egiten; zeharka, ordea, bai: "Lan irekia da, eta bakoitzak bere erantzuna eman beharko dio... Pertsona bakoitzak bere modura ulertuko du. Nik uste lanek ez dutela erredundantzia gehiegirik behar, bakoitzak eman behar diola erantzuna...".

PLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMIT